berria.info

 

Igandea, 2013ko abuztuak 11a.

 

Beste giro batean.

 

ESAITek itxaropentsu bukatu du XIII. mendi martxa, «batasun handia» sumatu baitu ofizialtasunaren auzian.

 

Imanol Magro Eizmendi. Donostia.

 

http://www.berria.info/argazkiak_papera/BERRIA/d20130811/p023_f01.jpg

 

ESAITen mendi martxako kideak, atzo Irunen eginiko amaiera ekitaldian. / ESAIT.

 

ESAITen mendi martxa burutu duen 70 mendizale inguruko multzoa pozik iritsi zen atzo Irunera. Euskal selekzioaren aldeko iritzi taldeak martxaren XIII. aldia antolatu du aurten, eta balorazio «oso positiboa» egin du. «Jende eta harrera aldetik, aldi oso ona izan da», laburbildu du Txiki Falero ESAITeko kideak: «Batasun eta sentsibilitate handiagoa sumatu dugu. Agian politikan batasun hori egon ez arren, guri harrera ona egin digute hainbat koloretako udaletan, eta erraztasunak izan ditugu».


Ibilbidea berritzailea izan da aurten, eta bi kokagune izan ditu. Lehen lau egunetan, Enkarterrian hasi eta Aiaraldera jaitsi ziren; gero, handik autobusa hartu eta Lapurdin barrena Irunera iristeko. Ibilbideak bere zergatia zuen: «Garbi dugu zertarako den martxa. Gure mezua zabaltzea da helburua, eta ofizialtasunaren mezua zabaltzeko premia ikusi dugun tokietara joan gara. Lanestosara joan gara, mugara, eta Ipar Euskal Herrira gero. Ez genekien zer gertatuko zen, baina harrerak zoragarriak izan dira».


Ilusionatuta mintzo da Falero, ofizialtasuna jokaleku politikoan sartzeko abagune ona ikusten duelako, eta horretarako, mendi martxa jarri du adibide. «Egoera politiko berri batean omen gaude, eta nabaritu dugu. Irunen, PP abstenitu egin da, baina beste alderdi guztiek: PSEk, PNVk, Bilduk... atxikimendua eman digute. Horrek adierazten digu beste giro bat dagoela» .


Orain, baina, ESAITeko kidearen iritziz, beste pauso bat falta da: Ofizialtasunaren auzia «kalejiratik parlamentura» igarotzea. «Ofizialtasunaren inguruko betiko topikoak alboratu egin behar dira: Estaturik gabe ezinezkoa dela eta halakoak. Badaude aurkako dioten ereduak Europan bertan; azkenekoa Gibraltar izan da. Borondateak azaleratu behar dira; gure ustez, badaude euskal selekzio ofiziala izateko aukerak. Ausartak izan behar dugu bide horretan, eta hau izan daiteke garai aproposa».


Erakunde eta politikarien mahaian dago auzia, baina ESAITek ekinean jarraituko du itzal ez dadin. «Mendi martxa ekintza xumea dela badakigu», onartu du Falerok, baina, era berean, halakoen garrantzia aldarrikatu du. «Gauza txikiak egiten gauza handiak lortzen dira, eta horrek indarra ematen digu. Gure ustez, hau da bidea, eta babesak biltzen jarraitzea». Heldu den urtean hamalaugarrena egingo dutela ia ziurtzat jo daiteke.